Antzokia

Gaiarre Antzokiaren historia osatzeko 1841. urtera jo beharko dugu, Iruñeko Konstituzio Plazan (gaur egun, Gaztelu Plaza) ireki baitzituen ateak data horretan Antzoki Nagusiak, Komedia Patio eta Etxe zaharra ordezkatuko zuen aretoa, izen bereko kalean 1608. urtetik kokatua. Antzoki Nagusiak izen hori eraman zuen 1903. urtea arte, eta handik aurrera Gaiarre Antzokia izena hartu zuen, 1890ean zendutako erronkariar tenorearen oroimenez. Hiriko harresiak suntsitzeak Iruñeko zabaldura ekarri zuenetik, koliseoaren bizitza arriskuan jarri zen, 1931n eraitsi zen arte eta gaur egun dagoen lekura aldatu zuten, Iruñeko Karlos III.a Hiribidera.

 

Fachada del Teatro Gayarre

Garai hartan Pascual Madozek eraikina deskribatu zuen Espainiako hiztegi geografiko, estatistiko, historikoan. Bere aurrealdeaz hitz egiten du, “harlandu bikainekoa. Arkitektura oneko gorputz gakotu bat du, bigarrenaren zutabeak eusten dituena, eta honetan aisialdirako saloia eta kafea daude”. Barrualdean, jarraitzen du kronikalariak “akats ugari du, aretoak dituen palko eta goiko galerietako bi ordenetarako iraganbide zabalak baitaude, bertaratuentzat erosoegi ez dena; lunetak, besaulkiak, harmailak eta patioko gainontzeko eserlekuak ere zabalak dira, eta tamalgarria da baldintza hauekin antzokiak eman lekiokeen bikaintasun eta distirarik ez izatea, eraikuntzan hobe zuzendu balitz. Nahiko aldagela daude, behar bezala kokatuak eta eszenatokia Andres Lavilla eta Anselmo Alfonso irakasleek margotutako dekorazio politez apainduta dago, gerora beste artista batzuen beste zenbait gehitu badira ere..."

 

XIX. mendeko azken hamarkadan, udal antzokia nabarmen hondatuta zegoen, garaiko dokumentuen beren arabera. Aretoan sarritan egin ziren konponketak eta berrikuntzak, eta zeregin hauek Julian Arteaga udal arkitektoari zuzendu zitzaiozkion beti. 1891ko abuztuaren 6an aretoa aldi baterako ixtea erabaki zuten, eta hurrengo urteko San Fermin jaiak arte lanengatik itxita egon zen. Berrikuntzak eta lanak etengabeak izan ziren 1921a arte, urte honetan egiten baitzaio lehenengoz erreferentzia antzokiaren eraiste eta berreraikuntzari, gaur egun dagoen lekuan. 1931ko urrian antzokia behin betiko eraitsi zen. Gaiarre Antzokiak 1932ko maiatzaren 3an zabaldu zituen berriz ere ateak. Eraikinaren eraikuntza lehiaketara aurkeztu zuen Iruñeko Udalak 1929an eta Javier Yarnoz arkitektoari esleitu zitzaion zeregina; honek, aldi berean, eskubide eta betebehar guztiak Erroz eta San Martin eraikuntza enpresari eskualdatu zizkion. Enpresa honek, antzokia eraikitzeaz gain, 1931ko abenduan koliseoaren ustiaketa eskatu zuen, eta eman egin zitzaion. Kontratua 1942 arte luzatu zen eta beranduago berritu. Kudeaketaren ardura Ikuskizunen Higiezinen enpresa Elkarte Anonimoak (SAIDE) hartu zuen bere gain.

 

1953an Antzokiak behar zituen presazko berrikuntzen aurrean, enpresak gastu guztiak bere gain hartzea erabaki zuen eta 2003ko maiatzaren 3an amaitu behar zen kontratu berria sinatu zen, baina data hau baino bost urte lehenago udalbatzak aldaketa onartu zuen, 1998ko maiatzean, eta antzokia kudeatzeko Gaiarre Antzokia Udal Fundazioa osatzea. Estatutuen arabera, Fundazioaren helburua “Gaiarre Antzokia kudeatzea eta administratzea da, antzerkia, musika, dantza eta aurrekoekin zerikusia duten beste jarduera batzuk… bultzatu, sustatu eta zabaltzeko"