Julian Gayarre

1903ko maiatzean Iruñeko Udalak mozioa onartu zuen ordura arte Antzoki Nagusia izandakoari izena aldatu, eta Gaiarre Antzokia izena hartzera pasatu zedin, Julian Gaiarre nafar tenore ospetsuaren omenez eta oroimenez, hamahiru urte lehenago (1890eko urtarrilaren 2an) Madrilen zendu zena. Bere jaiotze-agirian agertzen den bezala, Sebastián Julián Gayarre Garjón, Mariano Gayarre eta María Ramona Garjón senar-emazteen hirugarren semea, Erronkarin jaio zen 1844ko urtarrilaren 9an. Zenbait urte beranduago, espainiar lirikako tenore garrantzitsuenetakoa bilakatuko zena, familia apalean sortu zen

 

Hamairu urterekin, oinarrizko ikasketak amaitu eta eskola utzi ondoren, artzain lanetan hasi zen bizimodua ateratzen. Bi urte eskas beranduago, aitak hiriburura, Iruñera bidaltzea erabaki zuen, denda txiki batean dendari jardun zedin. Hemen izan zuen musikarekin lehen harremana, kaleraketa ekarri zion aurkikuntza, dendaren aurretik desfilean igaro zen musika banda bati jarraitzeko saltokia bakarrik utzi ondoren, eta jaioterriko ibarrera itzularazi zuena. Hurrengo lantokia Irunberriko forja bat izan zen, eta herri hori 18 urterekin utzi zuen, errementari lanak egiteko Iruñera itzultzea erabaki zuenean.

 

Julián GayarreTradizioak dioenaren arabera, Gaiarrek lan egin bitartean kantatzeko ohitura zuen, eta lagun batek hau ikusita, Joaquin Mayak zuzentzen zuen Iruñeko Orfeoian izena ematea eskaini zion. Zuzendariak gaztearen ahotsarekin liluratuta, tenor nagusi izateko onartu zuen, eta Hilarion Eslavaren metodoaren eskutik solfeoarekin harremanetan sartu zen, hau ere nafar irakaslea (Burlata), Gaiarreren lehen babeslea eta bekario gisa, Madrileko Kontserbatoriora bidaltzearen arduraduna, 1868an bigarren kantu saria irabazi zuen lekua. Zarzuela korista gisa lirika munduan sarraldiren bat egin ondoren, 25 urterekin, eta Gaztanbide irakasleak baztertu ondoren, Iruñera itzuli zen arrakastarik lortu gabe. Bertako babesleek Nafarroako Foru Aldundian beka bat lortu zioten, Milanera (Italia) ikastera eraman zutena, hiru hilabete eskasean arrakasta izugarria lortu zuen hiria. Une horretatik aurrera, Gaiarreren ibilbidea geldiezina izan zen. Bolonian, Erroman, San Petersburgoko Opera antzokian (hemen kantatu zuen lehen aldiz bere opera kuttuna, “La favorita”), Moskun, Vienan… arrakasta lortu zuen. Bere izena, ordea, 1876ko urtarrilaren 2an betikotu zen, Milango Scalan, eta nola ez, “La favorita” obrarekin, munduko lehen tenoretzat kokatu zuen obra.

 

Londres, Buenos Aires, Austria, Alemania, Madrilgo Errege Antzokia, Sevilla, Bartzelonako Lizeoa, Napoli, Pariseko Opera... Senza rivali, le Roi du chant delako ezizena ekarri zioten arrakasta kopuru mugagabea. 1889ko abenduan, Madrilen, gaixorik sentitu arren “Los pescadores de perlas” kantatzea onartu zuen, agertokian azaldu eta nota zorrotz bati ekitean ahotsa eten zitzaion eta zorabio txiki bat sentitu zuen. Osasun egoerak okerrera egin zuen eta 1890eko urtarrilaren 2an zendu zenean, lirikaren munduan huts betezina utzi zuen.